Ametsen fabrika aurrera!

Abenduaren 21ean iritsi zitzaigun Gaztetxea husteko 20 egun genituela zioen gutuna. Alegia, urtarrilaren 10ean jada kanpoan izan gaitezke, kale gorrian beste behin ere.

Argi ikusi da hilabeteotan herri honek beharrezkoa duela Gaztetxea eta esan beharra dugu ez dugula itzuli nahi Manuela ostean bost urte luzez igaro genuen pasibitate garaira. Horixe nahiko lukete batzuk, isilik eta geldirik egotea; amen egitea esan eta agindutako guztiari.

Baina ez. Gu ez gaude prest inoiz baino ilusio eta gogo handienarekin urte guztian zehar borroka iraunkor baten ondorioz lortu dugun eta lortzen ari garen herri proiektu hau bertan behera utzi eta ahazteko. Zoritxarreko espekulatzaile berekoi baten interes ekonomikoak direla-eta kalera? Munok jarri izan duen aitzakia hauxe izan da: eraikinean edozein istripu gertatuz gero bera izango dela arduradun bakarra eta ez dagoela prest horretarako (aitzakia hau ez bazen beste bat izango zen). Baina bestalde, berak nahi izan duelako prest dago desalojo bat aurrera eramateko eta bertan izango diren istripuen ardurak bere gain hartzeko. Batean arduraduna da, eta bestean ez?

Zortzi urtez hutsik eta ezerezean aurkitzen zen eraikin bat bi hilabetean herritar asko eta askoren erreferente bihurtzera iritsi da. Baina espekulatzaile baten pentsaeran, buruan, bera dago lehenik, gero eta beti. Aurrena ni, gero ni, eta beti ni, ni, eta ni!

Guk, hala ere, argi dugu gure ametsak errealitate bihurtzen ari den etxea ilusioz, gogoz eta gogor defendatuko dugula!

Baina desalojatuak izan ostean, zer? Galdera honi erantzutea Udalari dagokio. Goiko lerroetan adierazi bezala, herritar asko eta askok beharrezkotzat ikusten du leku autogestionatu bat eta hori Udalak onartu beharra dauka. Guk, berriz, behin eta berriz dioguna: ezer berririk eskaini ezean, okupazioaren bideari helduko diogu. Eta bukatzeko esan, pentsatua zegoen egitarauarekin eta mobilizazioekin aurrera jarraituko dugula eta herritar guztiak gonbidatuak zaudetela bertan parte hartzera.


Desalojorik ez!

HAURRAK GAZTETXERA!
MAMARRO