Putzuzulo Amets Fabrikak 11 urte!!!
Urriaren 20etik Azaroaren 26ra Urteurren jaialdia albiste hau zabaltzeko zuen laguntza bihotzez eskertzen dugu. 

Kontaezina_03_egitarauakin_web

Kontaezina

600 kontzertu, 100 hitzaldi, 155 antzerki, 300 bilera, 700 asanblada, 50 topaketa, 200 dantzaldi, 63 ikastaro, 245 afari… gutxi gorabehera ari gara, jakina. Azken 11 urteotan Putzuzulo Amets Fabrikan gertarazi dugun guzti-guztia kontatzea ezinezkoa delako. Kontaezina da.

Kontaezina, ekintza kopurua. Kontaezina, jakina, bizitakoa. Kontaezinak, egindako lagunak eta, kontaezina, ikasi duguna. Kontaezinak, emandako muxuak eta irribarre gorriz margotutako ezpainak. Eta arrastoa utzi diguten malkoak ere, kontaezinak. Kontaezina, sortu dugun elkartasuna. Eta kontaezina, lanean eta dantzan bota dugun izerdia. Kontaezina da, hitzak ez baitzaizkigu aski Putzuzulon bizitakoa kontatzeko.

Putzuzulo sortu aurreko Zarautz eta gaur egungo Zarautzen artean alde handia nabari dugu. Arlo kulturalean iraultza txiki bat somatu dugu; eskaintza kulturala etengabe hazi da eta izugarria da herritik sortutako ekimenak nola ugaritu diren ikustea. Amets egiteko gaitasuna ere kutsatu egiten da.

Herriak bizirik mantentzeko bide horretan, berebiziko garrantzia dute herritarrek sortutako ekimenek, era kolektiboan eraikitzen direnek. Zorionez, indibidualismora eta hedonismora eraman nahi gaituen gizarte ereduari mingaina ateratzen dioten hamaika proiejtu ditugu inguruan. Beti bezala, inurri lanean; talde txikietatik sare handiak josten, askotan. Izan ere, bizi kalitateak eta herritar desaktibatua izateak ez daukate zerikusirik. Neurrian dago gakoa. Eta norbere konpromiso mailari bakoitzak hartu behar dio neurria.

Herrigintzan ondo pasatzen da, bai horixe! Proiektuak elkarlanean sortzea kontaezina gertatzen da gehienetan, zirraragarria delako.  Jende berria ezagutu, ardurak hartzen hasi, iniziatiba landu, norbere egunerokoaren jabe egin, ditugun kezkak azaldu, mundua ikusteko modu berriak ezagutu, hanka sartu, antolatzen ikasi, lagunen iritzia kontuan izaten hezi, komunitatearen alde lan egin… Egun osoa pantailei begira ez egotea erabaki dugu, bizitza ukitu, usaindu, sentitu eta gozatzeko eginda dagoela sinetsita baikaude!

Hala ere, egoerari errealismoz begiratzen ere badakigu. Azken urtetan, eragile askorekin, gure egoeraren inguruan hausnartu dugu eta denok gabiltza gure beharrei erantzun nahian: nola aktibatu herritar gehiago gure ekimenetan parte hartzeko? Herriaren alde borondatez lanean ari garenez, nola lortu erakunde publikoen babes iraunkorragoa? 11 urteko lanaren ondoren, oraindik, Putzuzuloren etorkizuna ez dauka argi askorik. Sortu dugun etxea botako dutela jakina da eta, hala ere,  Udalak ez du ezer egin etorkizunean beste toki bat izan dezagun. Zarautzek, proiektu kolektibo, ireki, autogestionatu eta feminista bat izan dezan.

Guzti honengatik deritzogu ezinbestekoa, hamaika urte eta gero bizi-bizirik gaudela ospatzea. Bide horri ekingo diogu hamaikagarren aldiz. Hamaika ez baita zenbaki soila euskaldunontzat, ideia bat da. Kontaezinaren ideia. Urriaren bukaeran hasita, urteurren zoragarria izango dugu. Eta urteurrenaren ondoren, negu osorako egitarau kontaezina antolatu dugu. Izango da kopla txapelketa berriz ere, izango da bertsio gaua, saltsa ikastaroa, defenestre jaialdia, presoen aldeko astea, antzerkia, umorea, festa horteroa…

Maite dugun hori zaintzeko apustua egin nahi dugu. Zurekin. Beraz, har ezazu parte auzo elkarteetan, gaztetxeetan, elkarteetan, auzolanetan, jai batzordeetan, euskara taldeetan, mendi taldeetan… Hartu parte Putzuzuloko urteurrenean. Kontaezina izango da!