Bide berriak urratzera goaz errekan gora

MICE taldea zuzenean Putzuzulon

Arraio Irratiaren 12. urteurreneko ekitaldiekin hasteko, MICE taldea zuzenean ariko da ostiralean Putzuzulo Gaztetxean, gaueko 22:30etatik aurrera. Miren Narbaizaren proiektua da MICE. Napoka Iria taldean hainbat urtez aritu ondoren, bakarkako ibilbideari ekin dio bere lehen disko honekin. Ahotsa, gitarra, looperrak, eta pedalak lagun, Joseba Baleztena eta Ilargi Agirreren laguntzaz.

Mice 
Urte luzez hainbat proiektutan ibili eta gero Miren Narbaizak bere bakarkako bideari ekin dio. MICE izenpean kaleratu du bere debuteko lana. Zortzi kantu, zortziak bereziak, orain arte egindako bidetik ikasi duena eta erakusteko gogoz zegoena doinuetan jarri nahi izan du eibartarrak. Atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe, ahotsa denaren gidari eta Atala estudioko soinu sendo eta dotorea oinarrian duela, garai bateko lanek bezala, zintan jasoa. Joseba Baleztena (Sexty Sexers, Joseba B. Lenoir, Sumisión City Blues) musikari handia izan du alboan diskoa ekoizten. Narbaizaren konposizioen moldaketen ardura ez ezik, gitarrak, bajua eta teklatuak ere gehitu dizkio grabazioan. Ilargi Agirre (Perlak, Joseba B. Lenoir) zarauztarra eseri da baterian eta soinuaren ardura Iñigo Irazokik izan du. 

Napoka Irian hasi zen Miren musikaren munduan, Ander Mujikarekin batera makina bat kontzertu, bost argitalpen eta hamaika bizipen konpartituz. Ordutik ez da geldi egon, Perlak, Joseba B. Lenoir edo Dual Split taldeetan ere ikusi ahal izan dugu gitarra, teklatuak eta ahotsarekin lagunduz. Orain, besteekin konpartitzeaz gain, bere barrurako bidaia egiteko tenorea iritsi zaio, bere lanik eta pertsonalena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Artxiboak