Kuadrila eguna dela eta

Tristuraz ikusi dugu denok azken urteetan Kuadrilla egunak eduki duen bilakaera, batez ere sortu zen garaitatik zenbat aldatu den ikusten delako. Kuadrilla eguna izena bera ere edukitzea merezi ez duen festa egun bat delako gaur egun.  Hala ere aurten, dirudienez, hautsak inoiz baino gehiago harrotu dira, udaletxeak planteatu duelako pentsatzen ari dela antolakuntzarekin jarraitu edo ez. Gure aldetik honako erreflexioak plazaratu nahi genituzke.

Festa honen sorrera herritik izan zen. Herritik,  herritarrek egina eta herriarentzat. Hori izan zen arrakastaren muina. Gazteek beraiek antolatuta ziren einean, identifikazio maila altua sentitzen zuten egun honekin eta ilusioa pizten zien jakiteak beraiek eragin zezaketen eremu bat zela jakiteak. Denborarekin ordea, lehenago azaldu ez zen faktore bat sartu zen beraien eremu horretara: udaletxea; edo hobeki esateko, udaletxe honek bultzatzen duen festa/antolakuntza eredua. Honekin iritxi ziren lehen oztopoak. Ta harritzekoa da hau esan beharra, suposatzen denean udaletxe bat herritarrei bitartekoak jartzeko dagoela, eta ez oztopoak. Baina ez zen hala suertatu eta egun hau antolatzen zutenak gero eta zailagoa zuten lehen aipatu dugun egoera hori herriko gazteei helarazteko: murrizketak, ekitaldiak egiteko debekua, baimenak, etabarrek bultzatu zuten ordurarteko giro ona gaiztotzea. Beste behin ere, udaletxea herritarrentzako oztopo bihurtu zen, baliabide bat izan beharrean. Eta honek desinteresatuki eta inongo irabazi asmorik ez zuen jendea uxatu zuen, festa honen bihotzera zuzenki erasoaz. Eta emaitza azken 6 urteotako kuadrilla egunetan ikus dezakegu.

Azken urteetan, udaletxearen eskumena izan da egun hau antolatzea eta bere ereduari jarraiki, diruan oinarritutako politika aplikatu du egun honen arrakasta bilatzeko (hasierako egun hoietako arrakasta). Baina nahiz eta garbi ikusi den eredu horrek porrot egingo duela behin eta berriz, halaxe jarraitu dute. Azken Kuadrilla egunerako adibidez, Xakela Gaztetxe Asanbladari gaueko kontzertuak antolatu zitzan eskatu zion, eta horretarako 4000 €-ko diru kopurua eskura genuela jakinaraziz!!!!. Gure erantzuna ezezkoa izan zen, hainbat arrazoi medio.

Lehena, ez dugulako beharrezkoa ikusten halako dirutza erabiltzea egun horretarako kontzertuak antolatu behar izateko eta gainera, festa ez duelako kontzertu batek sortzen. Egun horren espiritua ez da parranda soilik, espiritua kuadrillen arteko erlazioak indartzean datza, kuadrillek beraiek antolatutako egun batekin, eta kondizio horiek ematen ez diren bitartean, Gaztetxe asanbladak ez du inolako asmorik paripe horretan parte hartzeko, ezta bere izena halako ekitaldiekin lotzeko. Gainera, zer iritzi edukiko dute herriko auzo elkarteek edo San Pelaioak eta Euskal Jaien antolakuntzan ibiltzen den Gurekin Jai bezelako elkarteek, beraiei urtez urte diru laguntzak murriztu, aurrebaldintzak gogortu eta mila oztopo gainditu behar dituztenean, ikusita egun bakar baterako 4000 € daudela kontzertuak antolatzeko soilik? Ta noski, soinuaren aurkako inolako limitadorerik gabe…..

Bigarren arrazoia, antolakuntza ereduan dago. Guk sinisten dugun antolakuntza eredua partehartzailea, parekidea eta herrikoia izatean datza, Kuadrilla komisioak hasieran betetzen zituen baldintzak. Aldiz, udaletxe honi (eta aurrekoei) ez zaie gustatzen beren herriko gazteak organizatzeko kapazak direla ikustea eta beraiek kontrolatzeko beharra du, bestela, ezin dute justifikatu herriarentzako egiten dutela lana. Eta garbi ikusi da bigarren aukera horrek zein ondorio dituen: festa herrikoi arrakastatsu bat zena, festa instituzionalizatu eta triste batean bihurtu dute. Eta zoritxarrez, herri honetako denak sufritzen dugu beraien inkonpentzia.

Gure nahia, hurrengo urteei begira, hasierako espiritu horretara ahal den gehiena itzultzea litzateke, eta horretarako, bi kondizio eman behar dira. Bata, gazteok egun horri begira ditugun gogo eta asmoak plazaratzeko kuadrilla komisio bat sortzea, ahal den gazte kuadrilla gehiena elkartuaz, festa egun hori mantzentzeko gogoa baldin badago oraindik gazteon artean. Eta bigarrena, udaletxeak ulertzea ez duela zertan gazteei eragiten egon beharrik, gazteok oso gai garelako nahi duguna antolatu eta aurrera eramateko eta bere rol-a baliabideak ematea dela, ez oztopoak eta betebeharrak jartzea. Horretarako egin behar duten gauza bakarra, beraien eskuartzea horretara murriztea da.

Espero dugu, benetako borondatea baldin badago,  emango zaiola irteera on bat problematika honi, eta Xakela Gaztetxe Asanblada gustora azalduko litzateke beste eragile bat gehiago bezala, garai zaharretako espiritua duen Kuadrilla Komisio batetara. Kuadrilletatik sortu, kuadrillek egiña eta kuadrillentzako den Kuadrilla egun bat antolatzeko asmoz.

Readers Comments (2)

  1. Ikaragarrizko idatziya, erabat ados.

  2. Andoni Ibarguren zinegotzia Arraio irratiko Ahuntzaren Gauerdiko Eztula saioan egon da Kuadrila egunaren inguruan hizketan. Irratsaioa entzun nahi baduzue klikatu ezazue Hemen:

    http://www.arraio.net/deskargak/2009/ahuntzaren_gauerdiko_eztula/09-11-08.ogg

Leave a comment

Your email address will not be published.


*