AHTren aurkako manifestazioa Hendaian

Aupa Kaixo!

Datorren larunbat honetan AHTren aurkako manifestazioa dela eta autobusa
antolatu dugu Xakela gaztetxe asanbladakoak. Manifestazioa atsaldeko
16:00tan izango da Hendaiako tren geltokitik hasita eta autobusa berriz
14:30tan Eguzki paretik irtengo da. Autobuserako listak gaztetxean,
eguzkin eta arranon daude iada.

Mobilizaziorako deialdiarekin honako hau adierazi nahi dugu bestalde:

Parte hartze soziala, orain! Norabidez aldatzeko garaiz gaude! Ez dugu
onartzen agintarien itxikeria eta jarrera makurra. Berandu baino lehen,
benetako eztabaida soziala ireki, sustatu eta zabaldu beharra dago. Makina
bat herritarrek, askotariko elkarteek, hainbat udalek, eta gehiengo
sindikalak berak ere, behin eta berriz eta ozen egin dute AHTaren aurka.
Aldarri eta eskakizun zilegiek, ordea, mespretxua jaso dute ordainetan.
AHTarekin bezala, gure egunerokoa eta geroa zeharo baldintzatzen duten
egitasmo eta azpiegituren gainean erabakitzeko ahalmena galdetzen dugu.
Parte hartze sozialaren beharraz mintzo zaigu diskurtso ofiziala;
aitzitik, hemen eta orain, funtsezko gaiei buruz ari garenean, murru
gaindiezin batekin egiten dugu topo. Bada garaia eraisteko!

Propaganda ez, baizik eta informazioa fidagarria nahi dugu! Egitasmo honen
bultzatzaileei zera galdetu nahi diegu: datuekin azal diezagutela zergatik
den hain beharrezkoa AHTa, nola erantzungo dien jendarteak dituen benetako
premiei, eta zein diren egitasmoak eragingo dituen inpaktuak (ekonomian,
gizartean, ingurumenean, nekazaritzan, paisaian, etab.).

Eredu sozio-ekonomikoak nora garamatza? Horren porrotak bereziki gogor
kolpatzen gaitu garai honetan. Arrazoi gehiagorekin, AHTaren eraikuntzak
ekarriko lukeen itzelezko galera ekonomiko eta sozialaren dimentsioaz
ohartarazi nahi dugu jendartea. Benetako premia sozialei erantzunik ematen
ez zaien bitartean, sekulako dirutza xahutzen ari dira AHTa bezalako
azpiegitura erraldoi batean. Krisi testuinguru honetan, justifika al
daiteke gure zergetatik finantzatuko den 6.000 milioi eurotik gorako
gastua (EAE-rako datua) ekarriko duen azpiegitura bat? Nola egingo diogu
aurre tamainako zorpetzeari?

Ez dezagun trena gelditzeko trena galdu! Sinetsita gaude herritarren indar
eta gaitasunean. AHTa ez dugu behar! Garestia da, jendartearen garraio
beharrei ez die erantzun egokirik ematen, eta ingurugiroan atzeraezinezko
kalteak eragiten ditu (dagoeneko eraikuntza lanak kalte larriak ari dira
eragiten, baina garaiz gaude etortzear direnak saihesteko). AHTa eta
antzeko egitasmo erraldoiak bultzatzen dituen eredua (energetikoa, soziala
eta ekonomikoa) hondamendi ekologiko globalaren eta aldaketa klimatikoaren
inguruko gailurren porrotaren erantzule ere bada. Barneratzen ari gara
horrela ezin dugula luzaroan jarraitu, eta berehala erabaki eta neurri
egokiak hartu ezean, ingurugiro eta gizarte aldetik orekatuagoa den eredu
bateruntz egin ezean alegia, jendarte bezala etorkizunik ez dugula izango.

Lapurdin AHTren inguruko eztabaida publikoak egindako ibilbidea gogora
ekarri nahi dugu. Urriaren 17an Baionan ikaragarrizko jendetza bildu zen
abiadura handiko ibilbide berriaren aurka (12.000 lagun inguru).
Iparralden inoiz egin diren mobilizazio jendetsu eta zabalenetakoa izan
zen. Hango udal erakundeek aditu independenteei egitasmoaren beharra
ikertzeko eskatu diete birritan; aurkeztutako txostenen ondorioek ez dute
zalantzarako tarterik uzten, AHTa ez da bideragarria, eta ez da
beharrezkoa. Eta egitasmo berberaz ari gara, finean. Horrek Euskal Y-aren
bultzatzaileen argudioak bertan behera uzten ditu (salgaien garraiorako
ezinbestekoa dela eta Europarekin abiadura handian lotura egiteko balioko
duela).

Hori denagatik, manifestaziora ahalik eta jende gehien biltzeko dei egiten
dizuegu herritarrei.

uaht

Readers Comments (1)

  1. Azken aldaketak direla eta Autobusa ez da aterako eta trenez joango gara hendaiara. 14:00tako trenean hain xuxen ere. besteik gabe AHT GELDITU!

Leave a comment

Your email address will not be published.


*