Donibane-Ziburuko Gaztetxera goaz!!!

Putzuzulo Gaztetxearen 5. urteurrena amaituta eta arnas pixka bat hartze aldera, larunbat honetan, Azaroaren 27an, eskursio txiki bat antolatu dugu Xakelako lagunok.

Honela, Donibane-Ziburuko Gaztetxeko kideekin elkartrukatze egun bat antolatu dugu haien Gaztetxean. Egunari hasiera goizeko 12:00etan emango diogu eta 12:30etan mahai inguru bat edukiko dugu guztion artean Gaztetxe bakoitzaren egoera aztertu eta mintzatzeko.

14:00etan bazkaria izango da eta bazkal ostean bi Gaztetxeen arteko GAZTETXE DEMA edukiko dugu: Infernuko igoera, pilota, petanka eta abar luze batez gozatzeko aukera izango dugu. Jokuen ostean kontzertu akustikoa eta afaria egongo da.

Eta gauari amaiera emateko, kontzertua izango dugu Zarauzko Metralleta eta Diskoiraa taldeekin eta bertako beste bi talderekin.

Bertara joateko lista Gaztetxean eta Arrano Taberna dago jarrita eta ondorioz oraindik ere aukera duzue apuntatzeko. Honez gain, bihar Putzuzulon 17:00etan egingo den asanbladara ere gerturatzea gomendatzen dizuegu, Ziburura nola joan lotarako lekuaz hitz egingo dugu eta.

Readers Comments (1)

  1. ZarataZarautz 2010-11-24 @ 13:19

    Aupa!!

    Hemen duzue Donibane-Ziburukoek bidali diguten afitxa!!!

    5. urteurrena bete berri duen Zarauzko Putzuzulo Gaztetxea eta 19 urtez xutik dirauen Donibane-Ziburuko Gaztetxeak elkarren artean egun oso bat antolatu dute Gaztetxeen defentsa aldarrikatzeko. Izan ere, bi Gaztetxe hauek antzeko ataka batetan aurkitzen dira: herriko etxeak kanporatu edo suntsitzeko arriskuan hain zuzen.

    Gazteok gure indarrez eraikitako eremuak dira Gaztetxeak, autogestionatuz aitzina darraitenak, asanblada bidez funtzionatzen dutenak eta bizi garen mundu ustel hau aldatzeko tresna paregabea direnak. Horrexegatik gaude boteredunen begi artean, “arriskutsuak” garelako, ez dugulako onartzen bizitzea tokatu zaigun errealitate injustu hau.

    Hauxe da Herriko Etxeko zinegotziek ulertu ezin dutena. Ezin dute ulertu nolatan gazte batzuek, bere borondatez eta muxu truk, etxeko kanapean telebistari begira lasai eta ixilik egon beharrean, beraien artean elkartu, antolatu, espazio bat lortu, atondu, margotu eta herritarrentzat idekitzea. Ezin dute onartu nolatan geure kabuz pentsatzen dugun, geure kabuz hitzegiten dugun. Arazo bat gara haientzat, baina, beraien zorigatzerako, konponbiderik ez duen arazoa: geure etorkizuna geure eskuetan hartu eta eraikitzen dugun gazteak gara!

    Baina gure etorkizuna idazten jarrai dezagun ezin bestean luma berriak behar ditugu edo ditugun lumak elkar trukatu. Zentzu honetan antolatu dugu Zarauzko Putzuzulo Gaztetxeak eta Donibane-Ziburuko Gaztetxeak larunbat honetarako eguna. Bi Gaztetxeak elkarturik, bakoitzaren esperientziak elkarbanatu eta indarrak biltzeko abagunea izanen da larunbatekoa. Baina ikastearekin batera ongi pasatzea ere gustuko dugunez Gaztetxe dema ere antolatu dugu, surfean, bizikletan, petankan edota pilotan bakoitzaren habilezia neurtzeko. Eguna amaitzeko kontzertu akustiko eta zaratatsua ere ez dira faltako.

    Besterik gabe, eta bertan elkar ikusiko dugulakoan, mila esker guztioi! KANPORATZERIK EZ! SUNTSITKETARIK EZ! GAZTETXEAK BIZIRIK!!!

Leave a comment

Your email address will not be published.


*