Martxoak 17, Joxemi Zumalaberen aurkezpena Zarautzeko Putzuzulon

Larunbat honetan Joxemi Zumalaberen aurkezpena izango da Putzuzulon. Jarraian duzue antolatzaileen ohartxoa:

kaixo Lagunok!

Aspaldi esan genizuen bezala, Joxemi Zumalabe Fundazioak bere fase berria eta proiektua aurkeztu nahi ditu Martxoak 17an Zarauzko Putzuzulo Ametsen fabrikan. Jadanik prest daukagunez egitaraua, berau aurkezteko idazten dizuegu. Dakizuen moduan gure helburua aurkezpen honekin euskal herritarren aurrean eta bereziki herri mugimenduen aurrean azaltzea da, eta beraz, eskertuko genuke ahal duzuen heinean zuen kontaktuen artean zabalduko bazenute mezu hau.

OHARRA: Jakin badakigu egun horretan bertan beste hainbat ekimen daudela, tartean Euskal Herrian Euskaraz-ek antolaturiko Euskaraz Bizi Eguna. Ez zen inolaz ere gure asmoa ekitaldi biak batera ospatzea, baina elkarrekin hitz egin eta aukera ezberdinak aztertu ondoren ez genion irtenbide egokirik bilatu datek bat egiteari. Aukera onena gure data mugitzea zen, baina orduan beste ekimen batzuekin bat egiten zuen… Udaberria Euskal Herrian horrela omen da… Horregatik agur beroa bidali nahi diegu euskalgintzari eta bereziki EHEko kideei eta eguna ondo-ondo joan dadila espero dugu.

Proposatzen dizuegun egitaraua honako hau da:

18:00 ongi etorria

18:30: Kafe tertulia / solasaldia: “Herri mugimendua. Pentsa dezagun gurea”.

Solasaldi honen bitartez gure asmoa herri mugimenduetako kide ezberdinekin inpresioak eta iritziak elkar-trukatzea da, gaur egun herri mugimendua nola ikusten dugun, ze indargune, aukera eta erronka ikusten dizkiogun eztabaidatzeko. Tertulia lasaia eta gozagarria izatea espero dugu, helburua ez delarik ondorio handitara heltzea, baizik eta esan bezala iritziak trukatu eta plazaratzea. Zuen parte-hartzea beraz, ezinbestekoa da solasaldia gustagarria izan dadin, eta beraz, (berriz ere) gonbidatuta zaudete!

20:00 Aurkezpen ekitaldia

Zuzeneko musika, antzerki, bideo, hitzartze eta bestelakoen bitartez Joxemi Zumalaberen gaur egungo ikuspegia irudikatzen. Gure ikuspegiak adierazteko hainbat modu dira baliagarri eta berauetan esploratzeko saiakera egingo dugu, musikari, irudigile, antzezle eta dantzarien laguntzaz.

21:00 Pikoteo – afaria

Gaztetxe inguruan bertan sortutako kooperatiba txiki baten eskutik, sabelak asetzeko aukera izango dugu, dohainik eta guztion aukerak errespetatuz (barazkiekin egindakoa).

22:30 Kontzertuak Napoka Iria eta Willis Drummond

Kontzertu bikoitza izango dugu. Hasteko, Napoka Iria Eibar eta Elgoibar arteko bikoteak bere kantuak eskainiko dizkigu. Iragan urtean beraien lehen diskoa kaleratu zuten arren, aski ezagunak ziren jada Euskal Herriko zein kanpoko agertokietan. Gitarra akustikoa eta elektrikoa beraien ahotsekin batuz, kantu sorta ederra osatu dute, rock independiente eta folk artean dagoena, eta askoren atentzioa deitu duena.

Bestalde Willis Drummond azken urteotan Euskal Herrian zeresan handia ematen ari den taldea dugu. Lapurdin sorturiko taldeak jadanik estudioko hiru disko kaleratu ditu, nola zuzeneko bat, eta hain zuzen ere beraien zuzeneko emanaldiak izan dira beraien inguruko interes handiena sorrarazi dutenak, bai Euskal Herrian, bai beste herrialde batzuetan. Gaztetxe, areto, plaza eta bestelako lekuak berotu eta sutan jartzen ditu laukoteak, beraien rock bizi eta indartsuaz.

Mezu honekin batera bidaltzen dizuegu egunaren egitaraua biltzen duen kartela ere. Erresoluzio txikian dago, web orri edo blogetan argitaratzeko egoki. Bere bertsio “handia” hemen topatu dezakezue, inprimatzeko egokiagoa.

Bide batez, gogorarazi nahi dizuegu ere, web orria moldatu berri dugula, eta bertan astiro-astiro edukiak igotzen ari garela.

Edozer gauzatarako gurekin kontaktatu nahiez gero, emailez ( orokorra@joxemizumalabe.org ) ala telefonoz egin dezakezue (695773170 – Jokin)

Milesker eta ondo izan

Joxemi Zumalabe Fundazioa

Twiterren jarraitzeko
Napoka Iria
Willis Drummond, bidehuts-en

Trackbacks & Pingbacks (1)

  1. Agenda #63 « NiMu

Leave a comment

Your email address will not be published.


*