Ronaldo, Xabi Alonso, Mesi eta konpainia gure gizarteko idoloak bilakatu diren honetan, ez dago merke futbolean jokatzea. Gaur egungo gazteak alperrak, irudimen gutxikoak eta drogazaleak omen gara, parrandarako bakarrik ateratzen omen gara eta parte hartzaileak izateari utzi omen diogu. Aurreko urteko Kuadrila egunaren porrot nabarmenaren ostean ere, hori izan zen festak gaizki atera izanaren justifikazioa. Baina topikoak beti izan dira topiko eta halaxe jarraituko dute izaten. 

     Azaroaren hasieran, Putzuzuloren urteurrenaren ospakizunen barruan, Munoan futbol partidu bat antolatu genuen larunbat goizerako. Estazioa okupatu, Manuela bizi eta Putzuzulon hasitako gazte asko elkartu ginen. Elkartu eta jolastu. Futbol partidu bikaina atera zen, giro umoretsuan Munoa eta ingurua alaitu genuen, musika eta komentaristekin. Munizipalak ere izan genituen bisitan, baimenik ba ote genuen galdetu eta ezezkoa esan genienean, zer egin ez zekitela geratu ziren.  Futbolean ezin genuela jolastu aipatzen hasi ziren… baina hain egoera surrealistaren aurrean, beraiek ere, aurpegi arraroa jarri eta alde egin zuten. Orain, hilabete batzuk pasa eta gero, espedientea ireki digute. Bai, futbolean jokatzeagatik isuna jarri digute. Nonbait ez gara Ronaldo, Alonso edo Messi bezain onak. 

     Udaletxetik esango digute isuna ez dela kalean futbolean jokatzeagatik izan, baimena ez eskatu izanagatik baizik, legeak horrela agintzen duela (beraiek egina izango ez balitz bezala) eta herritar guztiei bezalaxe, guri ere, baimena eskarazten digutela. Bestela, edonor kalean edozein gauza egiten hasiz gero kaosa sortu daitekeela. Arazoa al da herritarrek kaleak ekintza ezberdinak egiteko erabiltzea? Arazoa al da herritarrak iniziatiba izatea? Legalitatea betetzea eskatzen digute… legeak betetzeak ekintza etikoa izatea ziurtatuko balu bezala. Guk barre egiten diogu legalitateari. Batez ere gerrak egitea legala den legalitate honi, milaka soldadu bidali eta zibilak hiltzea legala den legalitate honi, diru publikoa interes pertsonaletarako erabiltzea legala den legalitate honi, kutsatzea , torturatzea edo lapurtzea legala den legalitate honi. Ez etorri guregana kontu horrekin. Zuek sortutako legeen zentzugabekeriak kontuan izanda, ez dugu hori errespetatzeko asmorik. Ez, ez dezatela esan, legerik bete nahi ez dugun errespetu gabeko izakiak garenik. Guk errespetuz jokatu genuen. Bizilagunei egin beharreko ekintzen berri eman genien eta ingurua alaitzeaz gain dena txukun utzi genuen. Larunbat goizetan, ia inor ibiltzen ez den gune bat alaitu genuen ekintza osasuntsu baten bidez, belaunaldi ezberdinak elkartu, harremanak sortu eta kirola egin genuen. Gure gaur egungo gizarteak dituen eta sarri leporatu  zaizkigun hutsune horiek bete genituen. 

     Kaleak guztionak dira eta kaleak bizitzeko dira. Zenbat aldiz entzun ote dizkiegu gure guraso eta aiton amonei, “kalean jolasten pasatzen genuen eguna” bezalako esaldiak. Orain, ordea, kaleak toki batetik bestera joateko bide ezezagunak baino ez dira bilakatu. Tabernazuloak bihurtu dira gure aisialdirako elkargune. Udalak askotan esaten du iniziatibadun  herritarrak nahi dituela,  kirolari eta aktiboak… Baina hara non paradoxa, sortzen dituzten legeek kontrakoa bultatzen dute. 

     Gure ekintzak herritarrentzat irekiak eta aberatsak diren bitartean, ez gara lege horietan sartuko. Eskatu al du Udalak OTA jartzeko baimenik? Talaimendin txaletak egiteko baimenik? Eskatu al du bizikletako debekuak arau bihurtzeko? A8a kobratzeko? Mollarri izorratzeko? Eta txaparro ixteko? Bozkatua izan ez den pertsona bat alkate izendatzeko? Eskatu al du udalak baimenik? Ez, ez etorri orain guri baimen eske. Zuek baimenik gabe egiten dituzuen txikizio guztiak legalak diren bitartean  legalitate horri muzin egingo diogu. Kalean futbolean jokatzen, dantza egiten edo antzezten. Errespetuz eta umorez kalea berreskuratzen jarraituko dugu. Kalea  herritarrena delako.  
 

     Putzuzulo Amets fabrika-ren izenean