Alde Hemendik herri mugimendua indar okupatzaile guztiak Euskal Herritik joatea helburu duen herri mugimendua gara.

Ez dugu inoiz beraien beharrik izan; ez dugu inoiz beraien beharrik izango. Gerra egitera eta gure herria zapaltzera etorritako gorputz militar eta polizialek ez daukate lekurik hemen, soberan daude. Euskal Herritarroi aske bizi eta izateko eskubidea etengabe zaigu urratua. Indar armatuengatik jasaten ditugun kontrol, intimidazio eta mehatxuak gure eguneroko ogia dira. Bakera bidean, pauso irmo eta atzeraezinak eman beha direlakoan gaude, baina badirudi batzuek herritarren eskakizun eta nahiei entzungor egiten jarraitu nahi dutela.

kartelaA2

Urte askotan zehar, Espainiar eta Frantziar estatuen inpunitate osoz milaka eta milaka euskal herritar izan dira torturatuak, erahilak, atxilotuak eta mehatxatuak, besteak beste, indar armatuen eskutatik. Guzti hau behin betikoz amaitu behar da.

Zera da eskatzen duguna:

1.- Euskal Herrian indar okupatzaileen presentzia eta kontrolen amaiera lehenbailehen eman dadila. Kalean, errepidean zein mendietan herritarrak inongo jazarpen eta mehatxurik gabe lasai eta aske ibiltzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.

2.- Bake eta normalizazio politikora eramango gaituen prozesu demokratikoa garatu ahal izateko euskal herritarren aurkako errepresio mota guztiak alboratzea eskatzen dugu. Inongo inposizio eta mehatxu militarrik gabeko eszenatoki demokratikoa aldarrikatzen dugu, proiektu politiko guztiak (independentzia barne) egingarri izateko aukera sortuz.

3.- Gatazkaren konponbidean Espainia eta Frantziatik etorritako gorputz militar eta polizialak Euskal Herritik alde egiteko eskaera egitea eskatzen diegu instituzioei.

Bestalde, Alde Hemendik herri mugimenduak, gure helburua lortzera begira, Euskal Herriko herrien arteko harreman sare bat osatzea beharrezkoa dela ikusten du. Batu egin behar gara, gure oihu eta aldarriak Euskal Herri osoko txoko guztietan entzun daitezen.

Honen harira, aurten, lehenengo aldiz, maila nazionaleko mobilizazio egun bat egingo dugu. Herri ezberdinetan, egun eta ordu berean, “ Alde hemendik utzi bakean Euskal Herria” lemapean manifestazioak egingo ditugu.

Guk, Zarautzen egingo dugu, Ekainaren 15ean arratsaldeko 19:30etan Musika plazatik abiatuko den manifestazio umoretsu eta aldarrikatzaile baten bitartez.

Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu gure nahia errealitate bihurtzea soilik denon indarrak batuaz lortuko dugula, guztion konpromezu maila igoaz.

Instituzioei dagokionez, azken boladan gai honen inguruan pausuak emateko borondatea dagoela entzun da. Eusko legebiltzarreko gehiengoak gure helburuarekin bat egiten duela esan berri du eta “Espainiako segurtasun indarrak hemen izateak ez daukala inongo justifikaziorik” ere entzun dugu Estefania Beltran de Heredia sailburuaren ahotik. Besterik gabe, pasa daitezela hitzetatik ekintzetara eta eman ditzatela urrats atzeraezinak.

Herritarrei dagokienez, guztiei gonbita luzatu nahi dizuegu antolatutako mobilizazioan parte hartzera. Lortu nahi duguna lortzera bidean urrats bat gehiago izango delakoan gaude.