Egunon. El Corazon del Saporen Zarauzko gaztetxeko kontzertuko sarrerak agortu egin ziren. Eskerrik asko denoi. Genekien bezala, kontzertua ikusteko sarrera baino jende gehiago zegoen eta gure helburua, uneoro, denentzat, ahalik eta aukera gehien ematea izan da. Eskerrik asko, urrutitik etorri, kolan orduak egin eta hala ere sarrerarik gabe geratu arren aurpegi ona jarri zenutenoi. Sarrera gabe geratu zineten arren, egiten ari garen lanagatik eskerrak eman dizkiguzuen guztioi. Sekulako lana da horrelako kontzertu bat antolatzea. Sekulako lana eta ilusioa. Ilusioa, guretzat hain garrantzitsua izan den El Corazon del Sapo taldea gurean izateagatik eta ilusioa, errefuxiatuen alde eta estatuen errepresioaren aurka lanean ari diren kolektiboei laguntzeko.

Zarauzko kontzerturako sarrerak 3 puntu ezberdinetan saldu ziren. Hernani eta Beasainen, goizetik iada jendea kola egiten ari zen. Ordu gutxitan, sarrera baino jende gehiago elkartu zen. Lanerako sortu ziren arazoak medio, eta ikusita kolan zegoen jende horrek berak eramango zituela sarrerak 18:00etan. Sarrera horiek saltzea erabaki genuen. Sarrera gabe geratzen zirenak beste saltokietara joateko aukera izateko. Beasainen eguerdian eta Hernanin txandak hartu ziren. Erabaki hau gure ardura izan zen. Jendearentzat egokiena zena egiten ari ginelakoan hartu zen erabakia. Agian informazioa gehiago zabaltzea falta izan zitzaigun. Barkatu alde horretatik. Baina esan bezala ardura gurea da, ez tabernena. Tabernek, sarreren kudeaketan esku bat bota digute, ez besterik. Beraz, kexarik baduzue guri esan.
Orokorrean, gehienak ulerkorrak izan dira gure egoerarekin eta sarreren kudeaketarekin. Gutxi batzuk, sare sozialetan, egiak ez diren zurrumurruak zabaltzen ari dira. Sarrerak aurrez erreserbatuak zeudela, lagunei gorde dizkiegula eta antzerakoak. Mesedez, informazioa zabaldu aurretik kontuz ibili. Kontzertuaren antolaketan jende asko gabiltza muxu truk lanean eta min handia egiten da antzerako komentarioekin. Putzuzulo bertako asanbleako kideak ere geratu dira sarrerarik gabe. Beraz, kontuz zabaltzen den informazioarekin.
Gezurrak zabaltzea ez dugu onartzen. Sarreren kudeaketaren ardura gurea da beraz, inork kexarik badu etorri gugana. Utzi beste denak pakean. Sarrerarik gabe geratu denak, lasai, Hatortxu Rock jaialdiko sarrerak oraindik badaude, beraz, oraindik bada aukera El Corazon del Sapo zuzenean ikusteko. Beste hamaika talde interesgarrirekin eta elkartasun jaialdian gainera.

Kontzertu hauek toki handiagoetara eramatea ere eskatu digute batzuk. Uste dut, horiek bere buruan soilik pentsatzen ari direla. Elkartasun helburua duela eta diru gehiago aterako denak ez du justifikatzen hau nire ustez. Kontzertu eta talde batzuk ez dutelako zentzurik gure espazioetatik at. Gainera, gure espazioek ere beharrezkoak dituzte halako kontzertuak eta zentzu horretan beste behin eskertu nahi dugu El Corazon del Sapok erakutsi duen jarrera eta koherentzia. Xapo! Baina, ikusle bezala, ezin dugu uneoro erabaki denak kritikatzen jardun. Talde batek espazio erraldoi baterako apustua egiten badu handi nahikeriagatik, eta espazio alternatibo txikiagoetan antolatzean, denei aukera ez emateagatik. Mesedez, errespetatu taldearen izaera eta baloratu espazio hauetan antolatzea.

Errefuxiatuentzat diru gehiago ateratzeko kezka duzuenoi… lasai, mila modu daude haiei laguntzeko. Ez da zertan beharrezkoa kontzertu hau antolatzea.

Talde batek, kontzertu pare bat ematea erabakitzen badu zoragarria da. Gainera kontzertu hauetan ateratako dirua errefuxiatuen kontuari laguntzeko bideratzea txapela kentzekoa da. Elkartasun kontzertu hauek ahalik eta herrikoienak egiten saiatu izanak asko esaten du talderi buruz.
Beraz, beste behin, zorionak El Corazon del Sapori, erakutsitako jarreragatik. Eskerrik asko laguntzen zabiltzaten denoi.
Eta ohar bat. Pertsona bakoitzeko behar duguna baino janari gehiago dagoenean janaria banatzea ez da eskuzabala izatea. Pertsona baino janari gutxiago dagoenean erakusten da eskuzabaltasuna. Sarrerekin ere berdin.
Izan gaitezen pixkat helduak eta gozatu dezagun kontzertuan haurrak bezala. Eskertu El Corazon del Sapori emandako aukera. Eta lagundu diezaiegun, denon artean, merezi duten gaua. Hainbeste maite baditugu, hain garrantzitsuak izan badira denontzat… erakutsi diezaiegun maitasun guzti hori. Eman dezagun dena, taldeak ere kontzertu hauetan merezi duten bezala gozatzeko.
Esandakoa, egiten ari garen lanaz harro…oso harro… inguratzen gaituzten konplize eta laguntzaile guztiei bi miloi esker eta bi muxu.