Bide berriak urratzera goaz errekan gora

Putzuzuloren 12. urteurreneko egitaraua prest dugu

Zer moduz zaudete? Tira, Putzuzulotik zuzentzen gara zuongana XII. urteurrenean eta “Egin dezagun amets, esnatu gara eta! lelopean egingo ditugun ekintzen berri emateko. Atxikita duzue mimoz prestatu dugun egitarau oparoa.

Dena dela, hainbat ekintza azpimarratu nahi ditugu eta horietara gonbidapen berezia egin; izan ere, aurtengo helburua da gure aurretik izan diren ekintza desobedienteak ezagutzea, horien guztien atzean lanean ibili ziren pertsonak aitortzea eta omentzea eta etorkizunari begiratzeko gazte belaunaldiei baliabide gehiago ematea, transmisio lana egitea, alegia.

Horregatik, urriaren 28an antolatu dugu “Desobedientziaren kantu bira”. Uste dugu esnatu zirelako esnatzen jarraitzen dugula, gaur; amestera ausartu zirelako egiten dugula amets, gaur. Desobedientziaren adierazpide batzuk bergogoratu nahi ditugu eta gure memorian betiko gal ez daitezen aitortu. Erresistentziaren, errebeldiaren eta memoriaren izenean, jarrai dezagun esnatzen, pizten, amesten! Bide batez, zuk egindako bidea aitortu nahi dugu, elkarrekin ibilian jarrai dezagun.

Txoko ugari bisitatuko ditugu, hamaiketakoa izango dugu eta, gainera, Arraio Irratiak zuzenean emitituko du, bertan bilduko dituen zuzeneko ixtorio eta adierazpenekin.

Etorkizunari begira jarriko gara azaroaren 4ean, Herri Mugimenduaren topaketetan. Esnatuzarautz lelopean, herriko auzo elkarte eta taldeekin elkargunea osatu nahi dugu, gure argazki bat osatu eta etorkizunean nola lagundu dezakegun elkar hausnartzeko.

Hilabete guztia ekintzaz beterik duzu, gusto eta nahi anitz bildu nahi izan baititugu. Ez egin huts! Etorri eta gozatu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Artxiboak