Prentsaurrekoa

Kantatzeko aukera ematen digulako gaude hemen gaztetxearekin.
Kantatzekoa eta entzutekoa.
Antzezteko aukera ematen digulako gaude hemen gaztetxearekin.
Antzeztekoa eta ikustekoa.
Idazteko aukera ematen digulako gaude hemen gaztetxearekin.
Idaztekoa eta irakurtzekoa.


PrentsaurrekoaArgazkia:HITZA

Eta ondo pasatzekoa, eta lagunak egitekoa, eta egotekoa.

Kantatzea eta entzutea, antzeztea eta ikustea, idaztea eta irakurtzea. Bat egitea eta elkartzea. Borondatez eta ez behartuta. Horretarako eta gehiagorako aukera ematen digulako.

Idazteko aukera ematen digu:
Eta idazleak dio:
“Egin dezagun mila eta bat kolore izango dituen oihal handi bat. Josi dezagun harremanen sarea, eta izan dadila gaurtik aurrera eraikin hau munduko ametsen fabrikarik handiena.”

Eta kantatzeko aukera ematen digu:
Eta kantuak dio:
“Ai putzuak beteak ez baleude apoz,
nork emango lioke bizitza honi poz!”

Eta antzezteko aukera ematen digu:
eta antzezleak, bere obraren aktorea izan nahi. Bere erabakiak hartu, bere pertsonaia antolatu eta eraiki.

Eta biltzeko aukera ematen digu. Hemen jendea dago. Hemen jende asko egoten da.

Honenbestez, honako eskaria luzatu nahi diegu Zarauzko Udalari eta Muno jaunari:

Utz gaitzazue antolatzen, utz gaitzazue libre, mehatxurik gabe. Ez itzazue errekak putzu egin. Urak aurrera egiten du eta gu xakelekin korrontean goaz.
Ez ezazue Estazio zaharrarekin edo Manuelarekin egin bezala, gazteek izerdiz eta ilusioz jasotakoa zapuztu. Aurreko esperientziak gogoan, esertzeko eta irtenbide bat bilatzeko deia luzatu nahi dizuegu hona bildutakook. Desalojoek beste okupazio batzuk ekarri zituztela gogoratu nahi dugu.
Hilik zegoen eta erabilpenik ez zuen espazio bat biziberritu dugu gure ilusio eta lanez, inori ezer eskatu eta kalterik egin gabe, gure asmorik onenez. Bertara hurbiltzen diren guztientzat zabalik ditu ateak ilusioen fabrika honek. Hemendik, bertaratu zaitezten gonbidapena luzatzen dizuegu.
Hona bildutakook adierazi nahi dugu: Lizundiak azken urteotan egin ez duen oihala egin nahi dugula, kantuz, irakurriz, hitz eginez, jolastuz, bilduz, lagunduz, antzeztuz.
Eta egiten ari garen oihal hori izango dela gure jantzi eta edergarri, duin eramango dugun bandera

Readers Comments (7)

  1. makina ideologikoa 2005-11-05 @ 14:53

    Aupa zuek,
    prentsaurrekora agertu ez garen beste askoren elkartasuna ere baduzue!

  2. Administrator 2005-11-05 @ 14:54

    Badirudi azkenean Udalak hitzegiten ikasi duela. Baina zer esateko?? Hemen doakizue testua, bakoitzak pentsa dezala!

    “Zarauzko Udalak prentsa ohar baten bitartez elkarrizketarako bere aurretiazko jarrera adierazi du berriro ere, ekintzak garatzeko udal lokal bat eskatzen duten gazte taldearekin, “gure udalerrian aurkitzen diren kultura, kirol eta aisia talde ezberdinekin lortu diren akordio ugarik izan dituzten oinarri eta irizpide berdinen gainean”.

    Udaleko iturriek adierazi dutenez “udaletxea hitzegiteko eta irtenbideak aurkitzeko prest dago beti, edozein ekimen aurrera ateratzeko gure laguntza eskatzen duten guztiekin, urteetan zehar erakutsi den bezala, talde nahiz elkarte ezberdinen jarduera egitarau ugari abian jarri dira, lokalak utzi ere bai hainbat ekintzetarako eta ezarri diren lankidetza bideak modu iraunkor batean burutu dira erakunde ezberdinekin”.

    Zentzu honetan, iturri berberek gogorarazi dute Zarautzek baliabide zabalak dituela herriko kirol, kultura edo gizarte eskaerei erantzuteko. Honela, nabarmendu beharra dago Gaztelekuk Gazte Informazioarako Bulegoa, egongela, ikus-entzunezkoen gela, eskulanetarako bi tailer, irakurketarako aretoa, KZgunea eta hainbat kirol kantxa badituela.

    Ildo berdinetik, udalak Sanz Enearen eskaintza ere gogorarazten du (liburutegiaz, erakusketa aretoez eta hemerotekaz gain, DVDak eta bideoak ikusteko gelak ditu, eta Ikeritz Olerti Etxearen laguntzarekin filmeak eskaini eta hitzaldiak antolatzen ditu), Vista Alegren hiru lokal daude 14 musika taldek erabiltzen dituztenak, eta Villa Munda bezalako udal ekipamenduak Musika Banda eta Zarauzko Abesbatza bere abestalde ezberdinekin jasotzen ditu.

    Udaletxearen lankidetza hitzarmenak Artezaleak taldearekin (informatika ikastaro eskaintza zabalak, bonsaiak, esmalteak, buztina, egurra eta pintura Ebro Etxeko lokaletan), Argazkizaleak (argazkigintza ikastaro ugari) eta kirol talde askorekin gauzatzen dira, honela, beraien ekintza ezberdinak aurrera ateratzeko lokal ezberdinak uzten baitzaizkie (Pagoeta Mendigoizale Elkartea, Surf Elkartea, Zarauzko Arraun Elkartea, Xake, Hondar Kayak, Club Deportivo Zarautz, Antoniano, Zikloturistak…). Guzti honi, udal azpiegitura zabala gehitu behar zaio, aire librean nahiz estalian, zarauztar guztiek kirola egin dezaten (balonmano, tenisa, saski-baloia, futbola, igeriketa, rokodromoa, arrauna, boloak, eta abar).

    Ezaguna den bezala, ekintza hauetako edozeinek zarauztar gazte askoren parte hartzea dauka, batzuk gainera, beraientzat pentsatuta eta abian jarritakoak dira, berauek baitira protagonista bakarrak eta benetazkoak.

    Harreman egonkorrak

    Zentzu honetan, udaletxeko iturriek gogorarazi dute Zarauzko erakunde eta talde ezberdin gehiengoarekin harreman egonkorrak mantentzen direla, “beti ere esparru legal baten barnean ezarrita, udal diru-laguntzak edo lokalak uzteko beharrezkoa baita”. Gai hau ez da formala soilik, baizik eta bete beharreko baldintzak dira, ordena eta zentzuzkoa denaren barnean ekintzen funtzionamendua ahalbidetzeko”.

    Halaber, iturri berdinek nabarmendu dute udalak ez duela eragozpenik jarri aurkeztutako proiektuen kudeaketan edo taldeen antolamenduan, “alderantziz, ahal den neurrian lagungu baizik”, behin eta berriz adierazi duen bezala “hau, zehaztutako ekintza egitarauarekin erakunde eta elkarte guztiei zabalik dagoen lankidetza bidea da, eta bertaratu nahi duten guztiei eskaintzen zaie, beraien ekarpenekin, aisiaz gozatzeko elkarlanerako formula berrietarako”.

    Azkenik, iturri berdinek azpimarratu dute zarauztar gazte talde batek proposatu duen eskariari irtenbidea aurkitzeko elkarrizketarako beraien eskaintza. Nolanahi ere, udaletxetik behin eta berriz adierazi da “indarkeria jarrerak lokal pribatuen edo publikoen jabetzean ez dira ulemenerako bideak, era berean, ahalegin negoziatzaile handiagoa eskatzen diegu, gurekin orain artean harreman formal bakarra mantendu dutenei”.

  3. udala aitatxo da, eta gu gazteok bereaien kumeak… badirudi, udalaren ustez, oraindik ez garela adin nagusikoak… eta beraien “eskaintza mundiala”rekin konformatu behar dugula.

    lotsagarria iruditzen zait komunikatu hau. ez al dira, bada, konturatzen, gazte gehientsuenak norabide batean begira daudela orain dela hainbat urtetatik? ez al dira konturatzen, beraien eskaintza nahiz eta “aberatsa” izan, praktikan jarrita ez diola oraingo beharrei erantzuten?

    animo jente, kriston lana aizeate egiten… hasiera batian eszeptiko samarra nintzen guzti honi buruz, baina gauz asko frogatu dituzue ta nere errespetua irabazi dezue.

    agur!

  4. Rokodromoa dagoela esateko lotsa gutxi dute…

  5. Hasteko, udalaren prentsa oharra, forma aldetik, lotsagarria. Ez dakit nork idazten dituen, baina iturriak gora eta iturriak behera…
    Bestalde, MUNOren jarrera guztiz ulertzen dut: gaztetxean zerbait gertatzen bada (ez dadila gertatu, baina ez da ezinezkoa), nor egingo da horren kargu? Muno eraikinaren jabea den heinean normala iruditzen zait ardura hori gainetik kendu nahi izatea; azken finean, Xakela ez da elkarte ofizial bat, eta zerbait gertatuta ere ezingo zaio errurik leporatu.

  6. aupa gente eutsi goiari eta denon artean lortuko dugu hau bizirik mantentzea!

  7. Aupa gaztiak, eutsi goiyai!
    Utopia erreala dela, egin daitekeela eta egin dugula erakutsi dugu. Ametsak errealitate bihurtzen direla benetan sinetsi ezkero,beraiegatik borrokatu ezkero. Lortu duguna ezingo digute inola ere kendu, eraikina baino askoz ere gehiago baita lortu duguna, eta bakoitzak daramakigu barruan, kimu bat, lore bat, eguzki bat baitaramakigu guztiok barruan. Elkar argitzen gaituen eguzki bat, eta denok batera inguru guztia argitzen duen zeru izartua osatzen dugu.
    Dotorea prentsaurrekoa ere, eta ederrak testuak, baina Benitorena bakarrik irakurri ahal izan dut, posible balitz ondo legoke Maiterena ere zintzilikatzea.
    Aupa hor, segi zirikatzen, segi sortzen, amesten, borrokatzen,
    horrela jarraituz, garaipena geurea dunk!!!

Leave a comment

Your email address will not be published.


*