MFESST 2a Putzuzulon

MFESST-aren bigarren edizioa gainean dugu iada, Maiatzaren 10ean hain zuzen ere. Jarraian antolatzaileen ohartxoa eta kartela:

Iaz EH-ko punk-rock eszenaren irakurketa feminista egiteko parada izan genuen Zarauzko Putzuzulo gaztetxean antolatutako Musika Errebolta Feminista (MEFsst!) jardunaldian. Emakumeek testuinguru honetan dugun papera aztertzea zen erronka nagusia eta antolatutako ekintzei esker, bertaratu ginenok aukera ezin hobea izan genuen gai honen inguruan ezagutzak, esperientziak eta sentipenak elkarbanatzeko. Jardunaldian egindako hausnarketetan oinarrituz, EHko punk-rock eszenaren argazkia irudikatu eta bertan eragin ahal izateko makina bat proposamen bildu genituen.

Jakin badakigu Euskal Herriko punk-rock eszenaren inguruko irakurketa feministatik abiatuta, testuinguru hau eraldatzeko ekintza zuzenak beharrezkoak ditugula. Iaz hasitako ibilbidean aurrera egiteko eta urrats berriak emate aldera, Musika Errebolta Feministaren 2. jardunaldia antolatu dugu maiatzaren 10ean Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Aurtengoan ere egitarau oparoa antolatu dugu eta hitzetatik ekintzetara pasatzera lagundu gaitzaketen ekintzetan parte hartzeko aukera izango dugu. Goizaldean eman diogu hasiera errebolta feministari emakumeei zuzendutako soinu ikastaroarekin. Aran Vicedo musikariak bideratu du ikastaroa eta bertaratzen garenok, musika ekipo baten muntaiaz eta erabileraz ikasteko parada ezin hobea izango dugu, alderdi teknikoarengan dugun beldurrak uxatu eta kable artean ahalduntzeko eta ondo pasatzeko aukera ezin hobea izango dugu!

Arratsaldean berriz, Euskal Herrian estreinezkoz proiektatuko den “Tomar el escenario” dokumentalaren aurkezpena izango da eta luxuzko gonbidatua izango da gure artean, Elena Idoate dokumentalaren egilea hain zuzen ere. Tomar el escenario-k musika alternatiboan parte hartzen duten emakumeen esperientziak eta bizipenak ezagutuko ditugu, rol eta estereotipo sexistei muzin egin eta beraien lekua defendatu eta aldarrikatu duten emakumeen testigantzak ezagutzera eramango gaitu.

Gaualdean berriz, gerri, lepo nahiz barruak askatzeko kontzertu itzela antolatu dugu Las Kassetes, Pitu Kaleya, Hijas del no eta Molly G. taldeekin. Ondoren, Korta y Pega DJ-aren saio dantzagarriak eta Conéctate Linda: Patty Earst vs. Taco de Raya DJ-en erritmo biziekin behar bezela emango diogu amaiera egunari, badakaziue, dantzarik egin ezean, hau ez dela gure iraultza!

MEFSST2

Be the first to comment

Leave a comment

Your email address will not be published.


*