Kantatzeko aukera ematen digulako gaude hemen gaztetxearekin.
Kantatzekoa eta entzutekoa.
Antzezteko aukera ematen digulako gaude hemen gaztetxearekin.
Antzeztekoa eta ikustekoa.
Idazteko aukera ematen digulako gaude hemen gaztetxearekin.
Idaztekoa eta irakurtzekoa.


PrentsaurrekoaArgazkia:HITZA

Eta ondo pasatzekoa, eta lagunak egitekoa, eta egotekoa.

Kantatzea eta entzutea, antzeztea eta ikustea, idaztea eta irakurtzea. Bat egitea eta elkartzea. Borondatez eta ez behartuta. Horretarako eta gehiagorako aukera ematen digulako.

Idazteko aukera ematen digu:
Eta idazleak dio:
“Egin dezagun mila eta bat kolore izango dituen oihal handi bat. Josi dezagun harremanen sarea, eta izan dadila gaurtik aurrera eraikin hau munduko ametsen fabrikarik handiena.”

Eta kantatzeko aukera ematen digu:
Eta kantuak dio:
“Ai putzuak beteak ez baleude apoz,
nork emango lioke bizitza honi poz!”

Eta antzezteko aukera ematen digu:
eta antzezleak, bere obraren aktorea izan nahi. Bere erabakiak hartu, bere pertsonaia antolatu eta eraiki.

Eta biltzeko aukera ematen digu. Hemen jendea dago. Hemen jende asko egoten da.

Honenbestez, honako eskaria luzatu nahi diegu Zarauzko Udalari eta Muno jaunari:

Utz gaitzazue antolatzen, utz gaitzazue libre, mehatxurik gabe. Ez itzazue errekak putzu egin. Urak aurrera egiten du eta gu xakelekin korrontean goaz.
Ez ezazue Estazio zaharrarekin edo Manuelarekin egin bezala, gazteek izerdiz eta ilusioz jasotakoa zapuztu. Aurreko esperientziak gogoan, esertzeko eta irtenbide bat bilatzeko deia luzatu nahi dizuegu hona bildutakook. Desalojoek beste okupazio batzuk ekarri zituztela gogoratu nahi dugu.
Hilik zegoen eta erabilpenik ez zuen espazio bat biziberritu dugu gure ilusio eta lanez, inori ezer eskatu eta kalterik egin gabe, gure asmorik onenez. Bertara hurbiltzen diren guztientzat zabalik ditu ateak ilusioen fabrika honek. Hemendik, bertaratu zaitezten gonbidapena luzatzen dizuegu.
Hona bildutakook adierazi nahi dugu: Lizundiak azken urteotan egin ez duen oihala egin nahi dugula, kantuz, irakurriz, hitz eginez, jolastuz, bilduz, lagunduz, antzeztuz.
Eta egiten ari garen oihal hori izango dela gure jantzi eta edergarri, duin eramango dugun bandera